Iñaki Markuerkiaga zinegotzia absolbitzea erabaki du epaileak
Muxika Garbiko zinegotziak deliturik egin ez duela erabaki du; Gainzak helegitea jartzeko aukera izango du
2010-04-07 | 17:09:54
Muxika Garbiko zinegotziak deliturik egin ez duela erabaki du; Gainzak helegitea jartzeko aukera izango du Gernika-Lumoko lehenengo instrukzio auzitegiak  Iñaki Markuerkiaga Muxika Garbiko zinegotzia absolbitzea erabaki du.  Iragan urteko urriaren 20an kaleratutako autoan, Jon Mikel Gainza  alkateak 2008ko abenduan jarritako salaketa behin-behinean artxibatzea  agindu zuen epaileak, delitua izan den edo ez erabakitzeko "froga  nahikoa" ez zegoela iritzita. Hala ere, Gainzak helegitea jarri zuen,  eta iragan martitzenera arte ez da auziaren berri izan berriro.
 Markuerkiagak azaldu duenez, "gezurretan oinarritutako salaketa izan  dela berretsi du epaileak beste behin". Hori dela eta, "orain arte  bezala lanean jarraitzeko konpromisoa" hartu du zinegotziak.
 Epaia hilaren 6an jakinarazi zuen epaileak, eta egun horretatik aurrera  bost lan eguneko epea izango du Gainzak helegitea jarri nahi izanez  gero.
Urtebetetik gora pasatu da
 Markuerkiagaren aurkako salaketa 2008ko abenduaren 10ean jarri zuen  alkateak. Egun horretan aurrekontuak onartzeko osoko bilkura izan zen,  baina, batzarrean izandako "jarreragatik", batzar aretotik eta  eraikinetik kaleratu zuten Muxika Garbiko zinegotzia. 
 Udalak bere garaian azaldu bezala, Markuerkiaga alkateari zuzendu  zitzaion, "jarrera mehatxagarrian", eta "behin baino gehiagotan  bultzadak" eman zizkion Gainzari, ez ziolako udaletxean sartzen uzten.  Hala, salaketa "mehatxu, bortxa eta erasoagatik" jarri zuen alkateak.
 Epaileak kaleratutako sententzian azaltzen denez, "jasotako deklarazioen  bitartez egiaztatutako gertaerak aztertu ostean, desobedientzia  faltagatik epaitzeko baldintzak ez dira  betetzen". Gaineratu legez,  "alkatearen deklarazioa aztertu ostean, ezin da zehaztu zergatik Gainzak  ez zion utzi Markuerkiagari eraikin publiko batera sartzen". Epaileak  dioenez, alkateak ez du eskumenik udaletxean nor sartzen den  erabakitzeko. Hori dela eta, Gainzak "agintekeriaz" jardun zuela zehaztu  du epaileak.
 Era berean, jasotako deklarazioak kontuan hartuz gero, Markuerkiagak  alkatea kolpatu zuela ezin daitekeela egiaztatu azaltzen du epaiak.  Bertan argitzen denez, "gorpu biak kontaktuan izan ziren", baina ezin da  zehaztu nork hasi zuen eztabaida. Hori dela eta,  absoluzioa agindu du  Gernika-Lumoko auzitegiak.
Comentarios