2011ko udarako bukatuko dute Eleizaldeko saihesbidea

Nabarnizko Eleizaldea
2011ko udarako bukatuko dute Eleizaldeko saihesbidea
Nabarniz
Proiektua gauzatzeko Aldundiaren eta Jaurlaritzaren diru laguntzak jasoko ditu Udalak.
Gorane Barrenetxea

Nabarnizko erdigunea erabat itxuraldatuko da datozen hilabeteetan. Izan ere, Eleizaldeko saihesbidearen urbanizazio lanen kontratuaren behin-behineko esleipena egin du berriki Udalak. Saihesbide horren bitartez, besteak beste, Lekerikatik, Merikatik eta Aulestitik doazenek ez dute erdigunea zeharkatu behar izango. Udalaren aurreikuspenen arabera, urrian hasiko dituzte lanak eta 2011ko udarako amaituta egongo dira.

Udalak 1999ko azaroan egindako hiri antolamendurako plan orokorraren baitan kokatzen da Eleizaldeko saihesbidearen proiektua. Helburua Eleizalde zeharkatzen duen bidea trafikoz hustea da, batetik, eta BI-3242 errepidera jotzeko bide alternatibo bat eskaintzea, bestetik. Hori horrela, Udalak saihesbidearen egitasmoa ezinbestekoa zela iritzi zuen, herrigunetik igarotzen den errepidearen estutasunak trafikoa zailtzen duelako, gidariei eta oinezkoei arazoak sortaraziz. Gaur egun, BI-3242 errepidera joan nahi duten guztiek Eleizalde zeharkatu behar dute, sarri kolapsatu egiten delarik erdigunea.

Herriko nukleoa trafikoz husteaz gain, polikiroldegiaren ondoan dagoen urbanizazio berriak irteera zuzena izango du aipatu errepide horretara.

Proiektuaren ezaugarriak

Bide berria Eleizaldeko nukleoaren iparekialdean egingo dute, gaur egun larreak dauden eremuan, eta 160 metroko luzera izango du. Saihesbidea Elizpeko zonaldean hasiko da eta BI-3242 errepideagaz bat egitean bukatu, hain zuzen, Ereñorako norabidean, Eleizalde eta Ikazurietako bihurgunean. Bestetik, Eleizalde eta Aulesti arteko loturak 50 metroko zabalera izango du, arazoak ekiditeko.

Hamar enpresak aurkeztu zuten bere eskaintza lanak egiteko kontratua lortzeko lehiaketara, baina, azkenean, Gernika-Lumoko Construcciones Intxausti S. A. enpresa izango da lanak aurrera eramateko ardura izango duena. Egitasmoaren aurrekontua 545.738,53 eurokoa da, baina, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren diru laguntzak izango ditu Udalak.
  • ezaugarriak
  • Luzera. 160 metro.
  • Nondik nora. Elizpeko zonaldetik hasi eta BI-3242 errepidean amaituko da saihesbidea. Eleizalde eta Aulesti arteko loturak 50 metroko zabalera izango du.
  • Aurrekontua. 545.738,53 euro.
  • Esleipena lortu duen enpresa. Construcciones Intxausti S. A.
  • Lanak egiteko epea. Hamar hilabete. Hortaz, urrian hasiz gero 2011ko udarako prest egongo litzateke.

Comentarios