Euskal Herriaren eskubideen aldeko manifestaziora deitu dute Bilbon

* Berria.info »
* Papereko Edizioa »
* Harian


2010-08-18

Euskal Herriaren eskubideen aldeko manifestaziora deitu dute Bilbon

Bilbotar talde batek egin du deialdia, eta abuztuaren 27an izango da manifestazioa, Bilbon

Nagore Molinero.
Bilbo

Euskal Herria «herri ukatua» dela salatu du bilbotar talde batek. Manifestu bat irakurri dute, eta honela adierazi: «Espainiar eta frantziar nazionalismo baztertzaileek ukatzen dute Euskal Herriaren oraina eta geroa, herri gisa dagozkigun eskubideak ukatuz». Oinarrizko eskubideak «armen eta errepresioaren bitartez» ukatzen dizkietela adierazi dute, eta, horregatik, Euskal Herriaren eskubideen alde lelopean egingo duten manifestazio horretan parte hartzeko eskatu dute. Ibai Castro eta Begoña Bretos aritu ziren bozeramaile gisa, Arriaga plazan egindako agerraldian. Manifestazioa abuztuaren 27an izango da, Bilbon, eta Zabalburu plazatik abiatuko da, 12:30ean.

Espainiako eta Frantziako estatuek «Euskal Herriaren zutoinak etengabe kolpatzen eta erasotzen» dituztela salatu zuen atzo herritar talde batek. Horren adibide, euskara, hezkuntza eta gisako eremuetan politika ukatzaileak garatzen dituztela aipatu zuten. Besteen artean, monarkiak etengabe bisitak egitea, eraikuntza ofizialetan Espainiako banderak biderkatzea eta Espainiako selekzioen partidak inposatzea azpimarratu zuten.

Azken hamarkadan oinarrizko eskubideak urratuak izan direla salatu zuten herritarrek; boto eskubidearen, adierazpen askatasunaren eta elkartze zein manifestazio eskubidearen urraketa larriak jarri zituzten adibide gisa. «Herri honetako sektore zabal handi batek Europako gainontzeko herrialdeetan ematen ez den aldarrikatu gabeko salbuespen egoera bat pairatzen du», irakurri zuten manifestuan.

«Panorama beltz» horri aurre eginez, Euskal Herrian «itxaropen eta ilusio aro berri bat» zabaltzen ari dela uste dute: «Garai politiko berri bat ari da irekitzen, konponbidea eta demokrazia eskuratzeko garaia». Euskal Herrian, indarra metatzeko zein herritarrak aktibatzeko urratsak egiten ari direla pentsatzen dute.

Aro berria, etorkizun berria

Aro berri horretan, herritarrek «zer esan» eta «zer egin» badutela agertu zuen bilbotar taldeak. «Madrilek eta Parisek soilik ateratzen diote onura egungo blokeo, gatazka eta ukazio egoerari, eta argi dugu Euskal Herrian gehiengoa garela egoera hori atzean utzi nahi dugunak», adierazi zuten. Etorkizun berri bat eraikitzeko burujabetza lortzea ezinbestekoa dela ere nabarmendu zuten.

Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak esan zuenez, Herrizaingo Sailak aztertuko du nortzuk diren manifestazioaren aurrekariak, leloa, ibilbidea eta deialdia egin dutenak. Aresen arabera, datu horiek jakitean manifestazioa egitea posible den erabakiko du Eusko Jaurlaritzak. PPk, ordea, atzo bertan eskatu zion Herrizaingo Sailari ez uzteko manifestazioa egiten.

Comentarios