36koak gomutan

36koak gomutan               
(oroimen ekitaldia)

Azken guda zibilean senide edo familiartekoren bat galdu zenuten guztioi agur eta besarkada bana.

Dagoeneko 73 urte  dira,  1937 abuztuaren 5ean, Derioko hilerrian, faxisten fusilen aurrean 6+1 busturiar erail zituztenetik.

Familiartekoa genuen gomuta eguna, jendaurreko bihurtu da 2007ko abuztuaren 4ko urteurrenaz geroztik. “AHAZTUA”; 36ko guda zibilean gertatutakoaren memoria historikoa ikertzen duen erakundearekin batera egun hau antolatzen hasi ginenetik.

Bestalde, Busturiako hirugarren adineko elkarteak burututako hilen zerrendatze lanari esker, liskarraldi hartan 25 busturiar gehiago galdu zirela jakin genuen. Beraz, dagoeneko, sendi jakin batzuen kontua baino, herri osoarena den gomuta eguna bihurtu da  abuztuko ekitaldi hau.

Gogoetak ordea, beste toki batera ere bagaramatza; ondoko galdera honetara hain zuzen: 

Eta 1937ko apirilaren 26ko sarraskiaren ondotik, hilabete batzuen buruan 30 busturiar galdu baziren. Gernikakoaz gain, Busturialdeak nola jasan zuen, egoera?  Zenbat hil? Zenbat jausi ziren frentean? Zenbat desagertu?

Oroimen lan hau egiteko dago. Horregatik, egun inguratzen gaituen egoera ulertzeko, galtzaileon bertsioa falta dela uste dugunok urtero batzen gara. Busturian, Axpen, Ispiluetako zelaian. 1937 abuztuaren 5ta gogoratuz, oroimenetik datorkiguna  gure historiaren altxorrean gordetzeko.

Eta giza banakoa, norbere eta inguratzen duen historiaren jabe den heinean  2010eko abuztuaren 1ean Busturian, Axpeko Ispilueta zelaian eguerdiko 12etan egingo den oroitzapen ekitaldira gonbidatzen zaitugu.


                  

Comentarios