Independentistek udan herriz herri elkarlanean hasteko eskatu dute

2010-06-18

Bi ekimen iragarri ditu Independentistak sareak udazkenerako: ekitaldi bat urriaren 12rako, eta batzar eraikitzailea azarorako
Aitziber Laskibar.
Bilbo
Euskal Herria berdez jantzi nahi dute Independentistek. Herriz herri, auzoz auzo, independentistaz independentista, «olatu berdea» sortzen saiatuko dira. «Uda berdea» egiten. Ilusioa piztu nahi dute. Esperantza. «Independentziaren ordua» dela sinetsita daude sarean bildu direnak. Txutxi Ariznabarreta Independentistak sareko bozeramaileak dio agerian geratu dela, egun, munduko herri eta nazioek estatu propioa beharrezko dutela «beren iraupena bermatzeko». Eta, bide horretan aurrera egiteko, batzea erabaki dute.

Sarea herriz herri aurkezteari ekin diote, eta aurrera begirako plangintza egin dute. Ezaugarrituko dituen irudia ere hautatu dute, eta hori plazaratzeko baliatu zuten atzo Bilbon, kalean, egindako agerraldia. Kolorea eta irudia hartu dituzte ezaugarritzat. «Berdea, baina berde guztiak, planteatzen dugulako independentista guztien sarea izan behar duela», azaldu zuen Ariznabarretak. Eta, atzo ekimena babesteko agerraldian izan ziren hogei bat lagunek soinean elastiko berde bera erakutsi arren, askotarikoak ziren. Ekimenera maila pertsonalean batu diren EAko, ezker abertzaleko, Alternatibako eta GaztHerriako kideek elkarrekin egin zuten agerraldia, atzo.

Zortzi puntako izarra da hautatu duten irudia. «Izar baskoia» ere esan izan zaio izar horri, baina Euskal Herriko historian duen tradizioari eutsi diote, eta «euskal izarra» esan izan diotenen aldeko hautua egin. «Ikurrina ere hor da, bi gurutzek osatzen dute, zortzi puntak; Nafarroako bandera ere irudika dezake». Euskal kulturan sustraitua dagoen eguzkilorearen irudi puntaduna ere hartu dute logotipoaren oinarritzat.

Uda herriz herri, auzoz auzo

Aberri Egunean antolatu zuten lehen ekimena Independentistek, Irun eta Hendaia arteko ekitaldia eginda. Sarea zabaldu eta izan behar duenari buruz eztabaidatzeko, hitzaldi sorta bat egiten ari dira orain. «Euskal Herriko bazter guztietara joango gara», iragarri du Ariznabarretak.

Eztabaida eta elkartze prozesu hori uda osoan egiteko asmoa dute sustatzaileek. Baina udako ekimenak ez dituzte bileretan bakarrik egin nahi. Kalera ere atera nahi dute. «Ikusgarri egin». Horretarako, eta jatorri ezberdinetako independentistak «elkarrekin harremanetan» jar daitezen eta «elkarrekin lan egin» dezaten, «denek batera kalean gauzak egitea» proposatu dute.

Herriz herri eta auzoz auzo «uda berdea» edo «egun berdeak» antolatzeko deia egin dute. Proposamena «era xumean» egina dela azaldu du Ariznabarretak, eta irekia dela: «Egin daitezke kalejirak, manifestazioak, martxak, herri bazkariak... mila gauza antola daitezke». Halakoak jai giroan edo herrietako festetan egitea egoki ikusten dute: «Egun berde bat antola daiteke, independentziaren aldeko egun bat».

Eta berdea izango da «elementu komuna». Egiten diren ekimenetan parte-hartzaile guztiak berdez janztea proposatzen dute, edo kaleak berdez apaintzea, adibidez. Halako ekimenekin, «biltzen doazen independentistak ekimenak elkarrekin egiten esperimentatzen hasiko dira, eta hori lagungarria da elkarlana sustatu eta guztien artean sarea eraikitzen joateko».

Udazkeneko «mugarriak»

Udaran sarea zabaldu ondoren, udazkenean, «mugarri» izango diren bi ekimen egiteko asmoa dute Independentistek. Urriaren 12an, «Ameriketako herriek beraien independentzia prozesua hasi zuteneko 200. urteurrenean», independentziaren aldeko «ekimen parte-hartzailea edo mobilizazio zabala» egiteko asmoa dute, Simon Bolivarren figura oinarri hartuta.

Azaroan, berriz, «ordurako etxeko lanak behar bezala» egin badituzte, nazio bilera bat egiteko asmoa dute, sarea nola egituratu eta egonkortu guztien artean erabakitzeko asmoz.

Comentarios

Juncal ha dicho que…
Aupa zuek! Ikusten dut berrian aipatu duzuela zortzi puntako izar "bitxi" bat; esan behar dizuet ikur horri "erlijio kutsua" dariola nolabait, eta nahiz eta polita badirudien, zoritxarrez "izar baskoia"ren kontakizun hori asmakizuna dela. Esplikatuko natzaizue: izarraren kontu hori Patxi Zabaletak 2005ean idatziriko liburu batean agertzen da, "Eneko Aritzaren hilobia" izeneko eleberrian:

http://www.bitarte.net/imagenes/9788460/978846096355.GIF

http://nafarroabertsotan.blogspot.com/2010/07/agurra.html#comments

Geroko urteetan indar handia hartu zuen eta 2007an Amaiurren harrizko monumentu bat egin zen, ilargia eta aipatu izarra ageri zelarik:

http://es.wikipedia.org/wiki/Archivo:Monumento_al_Resistente_Desconocido.JPG

Egia da udal batzuetako armarrietan ageri dela delako izar hori, baina kontuan hartu behar da izar hori AMA BIRJINAri lotuta agertzen dela edo eta SAN MIGEL SANTUAri (udal heraldikan erlijioa sarri-sarri agertzen baita); izarrarena Apokalipsian agertzen den pasarte batetik ateratako irudia da; begira ezazue edozein herritako Santa Mariri, eta jabetuko zarete koroa inguratzen duen distira hamabi zortzi puntako izarrez hornituta dagoela; bestela, begiratu soineko eta ohialei, zortzi puntak makina bat lekutan azaltzen dira mundu guztiko elizatan!! Baita ere Erdi Aroko Biblia ilustratuetan orrialde piloetan aurki ditzakegu izarrok:

http://upload.wikimedia.org/wikipedia/commons/b/b2/B_Facundus_186v.jpg

http://upload.wikimedia.org/wikipedia/commons/9/93/B_Facundus_240.jpg

http://en.wikipedia.org/wiki/Commentary_on_the_Apocalypse

Agur bero bat; Juncal