Errekek gainezka egin dute eskualdeko zenbait herritan


Errekek gainezka egin dute eskualdeko zenbait herritan

Gizartea Foruan, Arratzun eta Gernika-Lumon izan ziren arazo handienak; errepide sarean ere arazoak izan ziren.

Endika urlezaga

Atzo botatako euriteek arazo ugari sortu zituzten eskualdean. Eusko Jaurlarizako Herrizaingo sailak arrisku maila laranja iragarri zuen 18:00etatik aurrera, eta eskualdeko zenbait errekek gainezka egin zuten. Beste zenbait ,aldiz, gainezka egitekotan izan ziren. Ez ziren izan arazo bakarrak, hala ere. Errepidean ur putzu ugari sortu ziren, errepideetan arazoak sortuz.

Foruan, Arratzun eta Gernikan

Foruko Urberuaga auzotik pasatzen den Upeta erreka izan zen lehena gainezka egiten. Arratzun ere arratsaldean egin zuen gainezka Uharka errekak, 16:00ak aldera. Horrela, zenbait baserritara heltzeko arazoak izan zituzten bizilagunek. Geroago, 18:30ak aldera, Loiola auzorako errepidea moztu behar izan zuten. Era berean, erreka ondoko zenbait lur eremu ere urez bete ziren.

Botatako euri guztiaren eraginez, Arratzuko Arrandieta baserrian eta Uharka auzoko beste etxe bitan ura barrura sartu zen, kalteak sortuz.

Ean ere arazoak izan zituzten arratsaldeko lehen ordutik. Zenbait puntutan errekak gainezka egin, eta erreka ondoko zenbait lonjatara sartu zen ura.

Oka ibaiak ere buruhauste ugari sortu zituen, arratsaldeko lehen ordutik ur asko zekarrelako. 20:00etan zen atzo itsasgora, eta udaltzainek Urbietara doan errepidea zarratu zuten 18:00ak aldera, badaezpada. Errenteria auzoko bizilagun askok, gainera, autoa erreka ondotik Ajangizerako bidera eraman zuten, bide horren bazterrak autoz bete arte.

Kanpantxuko biderako zubian ere arazoak izan ziren. Izan ere, puntu horretan 17:00ak aldera egin zuen gainezka Oka ibaiak, eta auto bat ez atzera ez aurrera gelditu zen uretan harrapatuta. Hori dela eta, suhiltzaileek joan behar izan zuten autoa uretatik ateratzeko. Azkenik, Muxikako Zugastieta auzoan ere Oka ibaiak gainezka egin zuen eta hainbat lur eremu ur azpian geratu ziren.

Bermeon, Solluben eta Bakiorako bidean eta Mendatan, berriz, lur-jausiak izan ziren atzokoan. Solluben, gainera, errail bat itxi behar izan zuten.

2010-06-17 | 13:15:44

Gernikako zenbait toki urez bete ziren atzo iluntzean

Errenteria auzoan, esaterako, etxe barruko gauzak atera behar izan zituzten

Era horretako fenomenoen aurrean erakundeak eta, oro har, herritarrak erantzun eraginkorra emateko gai direla deritzozu? Eman zure iritzia. Irudiak ikusgarriak dira

Atzoko euriteak arazoak sartu zituen Gernika-Lumon, eta herriko zenbait toki urez bete ziren. Kortezubi bidera eta Amaiur kalera, Errenteria auzoan, ere heldu zen ura iluntzean, eta hainbat auto eta etxe uraz bete ziren. Aita Luis Villasante kalean dagoen baserriko behe aldera ura sartu zen; baita Aterpetxeko beheko solairura. Aterpetxe ondoko etxebizitzak ere arazo bera izan zuen, eta hango bizilagunek etxe barruko altzairuak atera behar izan zituzten, hainbat herritarren laguntzarekin.


Aita Luis Villasante aurreko aparkalekuan zeuden hainbat autotara ere sartu zen ura, eta kotxeak handik ateratzen eman zuten hainbatek arratsaldea.


Carlos Gangoiti kalean, berriz, pertsona bat atera behar izan zuten etxetik, "etxe aurrean ura eta autoak zituelako, pasatzeko tarterik utzi barik", udaltzainek adierazi dutenez.


Kanpantxura bidean ere gainezka egin zuen atzo Oka ibaiak, arratsaldean, eta auto bat ez aurrera ez atzera geratu zen. Suhiltzaileek atera behar izan zuten autoa uretatik.
Goizaldeko 05:00etarako arazo guztiak konponduta zeudela adierazi du Udaltzaingoak.

Comentarios