Urdaibaiko Guggenheim Sukarrietan egitea eragotzi dio Jaurlaritzak Aldundiari

2010-05-28

Urdaibaiko Guggenheim Sukarrietan egitea eragotzi dio Jaurlaritzak Aldundiari

«Elementu arkitektonikoen kontserbazioa bermatu» eta «inguru horretako ingurumen balioak zaindu» nahi ditu neurri horrekin

Irune Berro.

Bilbo

Bizkaiko Foru Aldundiak ezingo du Urdaibaiko Guggenheim Sukarrietako lur sailean eraiki, BBKren udalekuetako eraikina ondare historiko izendatzeko prozedura abiatu baitu Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak, BERRIAk jakin duenez. Hain justu, han ireki nahi du Bizkaiko Foru Aldundiak Guggenheim berria, Ricardo Bastidak 1925ean altxaturiko eraikin multzoa dagoen tokian. Inguru hartako Abiñako auzo elkarteak, baina, eraikin multzoa legez babestutako ondare historiko izendatzeko prozedura hasi zuen iazko ekainean. Eta PPk ere hartarako eskaera bideratu zuen, hil batzuk geroago, Jaurlaritzako Kultura Sailean.

Bada, Eusko Jaurlaritzak hartu du erabakia: bi eragile horien eskaera aintzat hartu, eta Bastidaren XX. mendearen hasierako eraikin multzoa Euskal Kulturaren Ondarearen Zerrendan sartzeko izapideak abiarazi ditu. Hogei eguneko epea ezarri du, aldeek alegaziorik aurkeztu nahi badute. Halakorik gertatu ezean, erabakia indarrean sartuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzean.

Izan ere, Jaurlaritzak aintzat harturiko eremua ez dagokio soilik BBKren haur udalekuetako eraikin nagusiari; lur sail osoari baizik. Hiru eraikinez gain, aldameneko zelai, ortu eta lorategiak ere babestuko ditu Jaurlaritzak, prozedurak aurrera eginez gero.

Montanerren txostena

Jaurlaritzak onartutako idazkiak dioenez, «ezarritako mugen helburua elementu arkitektonikoen kontserbazioa bermatzea izateaz gain, instalazioen ezaugarri espezifikoak eta inguru horretako ingurumen balioak zaintzea» ere bada.

Bastidaren obrak balio arkitektonikoa eta historikoa duela iritzita hartu du Jaurlaritzak berau babesteko erabakia. Guztiz kontrakoa zioen, aldiz, Bizkaiko Foru Aldundiaren eskariz Josep Maria Montaner Arkitektura katedradun katalanak onduriko txostenak. Montanerren arabera, Bastidaren «lan txikietako bat» da Sukarrietakoa; «arkitekto horren lan ospetsuek baino maila kaskarragoa dauka». Urteen joan-etorrian, eraikin nagusian zenbait lan egin direla ere dio Montanerrek, eta horrek eraikinaren balioa zalantzan jarri duela.

Aldundia, noski, bat dator Montanerren iritziarekin. Eta Bastidaren eraikinak eraisteko asmorik ba ote zuen inoiz argi eta garbi adierazi ez badu ere, halakorik egiteko eragozpenik ez daukala iradoki du Josune Ariztondo Bizkaiko Kultura diputatuak, Batzar Nagusietako kultura batzordean eginiko zenbait agerralditan.

Kultura batzordean izandako eztabaida saio horietan, ñabardurak gorabehera, alderdi guztiak ados azaldu izan dira Guggenheim egiteko Aldundiak hautatutako tokiarekin. Baita PP eta PSE-EE ere. Prentsa oharren bitartez -legez kanporatzeen ondorioz ordezkaritzarik ez baitu-, ezker abertzaleak baino ez du salatu hasieratik tokia «desegokia» dela.

BBK Eara eramateko akordioa

Abiñako auzo elkarteko kideak izan ziren inguru horren balioaz ohartarazten lehenak. Aldundiaren asmoen berri izan orduko piztu zitzaien kezka, eta Iñaki Uriarte arkitektoaren sostenguarekin, Bastidaren eraikina babesteko eskaera bideratuko zutela jakinarazi zuten. Uriarte irmo mintzatu zen: «Eraikina soila eta apala bada ere arkitektura aldetik, kokapenagatik bakarrik izendapen hori eduki beharko luke». Bost arrazoi nabarmendu zituen izendapenerako, obrak dauzkan balioetan oinarrituta: historikoa, arkitekturakoa, hirigintzakoa, zientifikoa eta soziala.

BBK da eremu osoaren jabea, eta berehala onartu zuen Aldundiaren eskaintza; hots, haurrentzako udalekuak Aldundiak Ea inguruan dituen lur batzuetara eramatea, eta Sukarrieta eta Busturia arteko eremua Guggenheimi lagatzea. Jaurlaritzaren erabakiarekin, baina, udalekuek Urdaibain egoten jarraituko dute.

Comentarios