Gernika-Lumoko bonbardaketaren 73. urteurrena oroitzeko ekitaldiak aurkeztu dituzte

BUSTURIALDEKO HITZA 2010-04-20 | 13:49:43
Gernika-Lumoko bonbardaketaren 73. urteurrena oroitzeko ekitaldiak aurkeztu dituzte

Ekitaldi ofizialez gain, herriko talde eta elkarteek antolatutakoak ere "garrantzitsuak" direla azpimarratu du Kultura zinegotziak

Gernika-Lumo bonbardatu zutela 73 urte beteko dira aurten, eta gaur goizean aurkeztu dituzte egun hura gogoratzeko antolatu dituzten ekitaldiak. Horrela, bihar hasi eta datorren astelehenerarte hainbat ekitaldi izango dira.

Gainera, aurten apirilaren 26a astelehena dela baliatuta, asteburuan hainbat ekitaldi egingo dituzte. Horrela, aurten domekan banatuko dituzte Bakea eta Berradiskidetzearen Aldeko VI. Gernika sariak. Aurten Jose Antonio Agirre lehendakari izandakoak eta `Mayors for peace´ sareak ahrtuko dituzte sariak. Vicente Ferrer fundazioari ere aipamen berezia egingo diote. "Sariketara epez kanpo aurkeztu zen. Hala ere, lekua egitea merezi duela uste izan dugu, egindako lana oso garrantzitsua iruditzen zaigulako", azaldu du Kultura zinegotzi Ekain Ormaetxeak.

Merkatu plazan ipintzen ari diren irudiak ere domekan inauguratuko dituzte. Horrekin batera, bonbardatuak izan diren beste leku batzuetako historiak ezagutzeko aukera ere izango da (Durango, Otxandio, San Adria de Besos eta Nagasaki). `Izan zen Gernika. Egun den Gernika´ liburua ere aurkeztuko dute domekan.
Apiriralen 26an, astelehenean, urteroko ekitaldiez gain, Nagasakiko artzapezpikuak `Maria Ama Birjina bonbardatuaren´ aurkezpena egingo du, Bakearen Museoan.
Era berean, Euskal Herriko Unibertsitateko Informazio Zientzietako ikasleen topaketa egingo dute: "Ikasle talde bat Gernikan izango da, eta bonbardaketaren gainean duten ikuspuntua azalduko dute".

Comentarios