Erantzun ona izan du Busturiko Udalak etxebizitzen inguruan antolatutako batzarrak

Erantzun ona izan du Busturiko Udalak etxebizitzen inguruan antolatutako batzarrak

Busturia Proiektuak aurkezteaz gain, herritarren zalantza guztiak argitzeko aukera izan zuten.

olaia zabalondo/BUSTURIALDEKO HITZA

Busturiko Udalak lehenengo etxebizitza bila dabiltzanei zuzenduta antolatutako batzarra arrakastatsua izan da. Udaletxeko aretoa txiki geratu zen, hainbat izan baitziren bertara hurbildutako busturiarrak. «Jendez gainezka» egon zen aretoa.

Batzarrean etxebizitzen inguruko egoera aztertu zuten eta Udalak eman gura dituen hurrengo pausoen berri izan zuten bertaratutakoek. Gainera, zalantza guztiak argitzeko aukera ere izan zuten, Udaleko arduradunek bertaratutakoen asmoak ezagutu gura zituzten.

Hainbat aukera

Busturiko Udalak hainbat proiektu ditu aurreikusita eta horiek azaltzeko aukera izan zuten. Altamiran, Agarre baserrian, alokairu sozialeko hamar edo hamabi etxebizitza egingo dituzte; San Kristobalen, Presapen, Jaurlaritzak babes ofizialeko etxebizitzak egingo ditu; Goiherrin, udal etxebizitza bat egingo dute eta Izpiluetan, eskariaren arabera, etxebizitzak egiteko prest agertu da Udala. Gainera, San Bartolomen ere zenbait etxebizitza egitea aurreikusi dute, lurren jabearekin dituzten gatazkak konpondu ostean. Proiektu guztietan busturiarrek lehentasuna izango luketela azaldu dute Udaletik.

Herritarren asmoak ezagutzeko asmoz, galdetegi orri bat banatu zuten. Horren bidez, alokatzeko edo erosteko asmoa duten, zein gunetan erosko luketen, diru sarrerak zeintzu diren eta zenbat ordaintzeko prest dauden galdetu zaie herritarrei, besteak beste.

Herritarrak jakinaren gainean ipiniko dituzte aurrerantzean, bandoen bitartez eta baita etxeetara bidaliko duten informazio zuzenarekin ere. Izena emateko epeak «zabalak» izango direla jakinarazi dute Busturiko Udaleko arduradunek.

############
  • aurreikusita dauden etxebizitzak
  • Alokairu soziala (Agarre)
  • - 10-12 etxebizitza. - 63 eta 67 metro koadro inguru; Bi logela, komuna, bainugela, egongela eta sukaldea. - Elbarriren bat dutenentzako bat. - Errentaren prezioa, Etxebideren araberakoa izango da. - Urte amaierarako hastea aurreikusi dute eta datorren udaberrirako prest izatea espero dute.
  • BOE Presapen (San Kristobal)
  • - 40-50 etxebizitza inguru aurreikusita daude lehenengo fasean. - 90 metro koadro inguru: bi, hiru eta lau logelako etxebizitzak. - Prezioak, Etxebideren araberakoaka. Gutxi gorabehera bi logela dituen etxebizitza batek 120.000 euro inguru balioko luke. - Lanak atzeratzen dabiltza. 2010-2011 hastea dute aurreikusita.
  • BPE Izpiluetan (Axpe)
  • Eskariaren arabera egingo lirateke. - 30 etxebizitza. - 90 metro koadro inguru, hiru logelatakoak. - Prezioa Udal etxebizitza tasatuen ordenantzaren edota Etxebideren arabera ezarriko litzateke. - Lanak hasteko epea, eskariaren araberakoa.
  • Udal etxebizitza (Goiherri)
  • - Etxebizitza bakarra. - Bi logela, bi bainugela, egongela, sukaldea, atondoa eta sotoa. - Txokoaren ardura hartuko du etxebizitzaren jabeak. - Baldintzak, Udal etxebizitza ordenantzaren araberakoak. - 2010ean prest izatea aurreikusita.

  • San Bartolome
  • - Medikuaren kontsultategiaren inguruan daude aurreikusita hamar etxebizitza inguru. - Udarako irtenbidea izatea espero du Udalak. - Etxebizitza tasatuak aurreikusita.
############

Comentarios