Irisgarritasun lanen zati bat prest egongo da Gabonetarako

Busturialdeko Hitza
2009-12-09 | 16:31:02

Ikastetxearen inguruan dauden gas-biltegia eta Iberdrolako dorrea urtarrilerako lurperatuko dituzte

Busturiko alkate Andoni Elorrietak azaldu duen bezala, Jose Maria Uzelai herri ikastetxeko irisgarritasun lanen zati bat hilabete honetan bertan amaituko dute. Hain zuzen ere, Altamirako frontoiaren beheko aldetik plazara sartzeko autoek eta oinezkoek dituzten sarbideak Gabonetarako eginda egongo direla azaldu du.

Horrez gain, eskolaren atzeko aldean autoentzako eta anbulantzientzako sarbideak egin eta tenis pista eta frontoia eskolarekin elkartuko dituzte. Lanok ere urte amaierarako prest egongo direla azaldu du alkateak. Horrela, «umeek ikastetxetik zuzenean kirol-instalazio hauetara sartzeko aukera edukiko dute».

Bestalde, ikastetxearen inguruan dauden gas-biltegia eta Iberdrolaren dorrea lurperatuko dituztela gaineratu du Busturiko alkateak. «Gai honetan pixka bat lotuta gaude, izan ere, Iberdrolaren esku dago guztia. Hala ere, urtarrilerako bukatuta egotea espero dugu».
Alkateak azaldu duenez, «Altamirako ikastetxeko instalazioak osatzea eta bere inguruak atontzea» dira obra horien helburu nagusiak.

Comentarios