Golf Artxanda: Administrazioak baimendutako iruzurra agerian

Argitaratze data: 2009-12-09 pri

Bizkaiko BBNNetako eta Larrabetzuko udaleko Ezker Abertzaleko Talde eta zinegotziek Artxandako Golf zelaiaren eremuan eraikita dagoen hoteleko apartamentuen salmentarekin bizkaitarrei egiten ari zaigun iruzurraren berri eman nahi dute. Iruzur honen tamainaren zein inplikazio ezberdinen nondik norakoak ulertzeko, historia apur bat egitea beharrezkoa da

2001eko azaroaren 20an Foru Aldundiko gobernuak (garai haietan Jose Luis Bilbao Presidentetzako Ahalduna zen eta Sierra Sesumaga jauna Nekazaritza Ahalduna) BBNNei Ganguren mendilerroan kokatzen diren 538.000 m2ko lurzoru publikoen gainean Foru Aldundia eta Club de Golf Artxanda S.A.-ren arteko trukatzea egikaritzeko baimena eskatu egiten die, 929.000 eurotan (1'7 euro/m2) baloratuz. Lur horiek, Baso eta Nekazaritzako Lurraldeko Arloko Planaren arabera, natura aldetik zein nekazaritzarako balio handiko lurzoruak ziren.

Lurzoru publikoen trukatzeak ez ohiko prozedura da eta soilik dago baimenduta behar adineko arrazoiak daudenean (1/1989 Foru Arauaren 34. artikulua). Argi dago, Artxanda S.A. Sozietatearen aldeko estalitako zuzeneko esleipen baten aurrean geundela, sozietatea bitartekari hutsa izan da eta inoiz ez da jakin benetan horren atzetik nor dagoen, bere osaketan etengabeko aldaketak eman baitira.

Hurrengo asteetan prozedura guztia azkartu eta 2001eko abenduaren 21ean BBNNetako Iraskunde batzordeak erabakia berretsi zuen (Euskal Herritarrok-eko batzarkidearen kontrako bozkarekin) eta hilabete bereko 26an Azpiegitura batzordeak berdina egiten du, nahiz eta oraindik, Artxanda Golf S.A. ez izuen trukatzean eskaintzen zituen lurzoruen gaineko jabetzarik. Izan ere, abenduaren 27rarte BBK-ren mailegua ez du jasotzen lurzoru horien erosketarako (lurzoru horien gaineko jabetza berresten duten eskritura publikoak 2002ko otsailaren 11rarte ez dira inskribatzen). Eskandalugarria oso, baina egiazkoa.

Foru Aldundiak eta BBNNek, lurzoru horietan Golf Kluba egotea eta ingurune osoan zein ondoko herrietan izugarrizko onurak ekarriko zituela argudiatu zuten, eta hortaz, trukatzea “onura publikoa” zuela defendatu zuten. Foru Aldundiak 2002ko uztailaren 16an behin betikoz onartzen du trukatzea.

Interes pribatu batzuen aldekoa eta herritarren interesen aurkakoa den trukatze iruzurti hau, zuzenean kalteturiko sektoreen ordezkari ziren 5 herritarren ekimenez -batzarkide bat, Galdakaoko zinegotzi bat, talde ekologistako kide zen unibertsitateko irakasle bat, nezakal sindikatu bateko ordezkari bat eta Bilboko auzo elkarteetako ordezkari bat- epaitegietara eraman zen. Ia bi urteko izapidetza juridikoen ondoren, instrukzio epaileak herritar horien “legebideztaketa falta” argudiatu zuen, eta hortaz, ez zuen auziaren mamiaren inguruan erabakirik hartu. Erabaki honek, Auzitegi Gorenean errekurritzeko fidantza handia ordaindu behar izatea suposatzen zuen. Erabaki ulergaitz honen laguntzaz, eta Foru Aldundi zein tartean dauden udalen konplizidadearen ondorioz, azkeneko 6-7 urte hauetan Golf Artxandaren atzean dauden gutxi batzuen negozioak gauzatuz joan dira. Enpresa pribatu batek foru eta udal administrazioetan eragiteko hainbesteko gaitasuna izatea oso susmagarria deritzogu.

Baina, gaur egun zertan bihurtu da, bere garaian onura publikoa zuen eta ondoko herrietan izugarrizko onurak ekarriko zituen horrek?

1- Gaur egun, soilik Artxanda Golf-eko bazkide egitea 30.000 euro balio du. Soilik elite sozial eta ekonomiko zehatz batek erabil dezake golf zelaia.
2- Lurzoruaren eraldaketa bortitza eragin da, ingurunea andeatuz eta inguruko bizilagunen gozamena baztertuz
3- Legina auzoa obrak hasi zirenetik erabat narriatuta dago, bideak moztuta aurkitzen dira, hesiez inguratuta dago, eraikuntza materialez beteta,...
4- Golf zelaiaren kanpoko ingurunea erabat hondatuta dago, mota askotako materialez josia dago eta ur fekalak eramaten dituzten hodiak hondatuta daude, mendian behera isurtzen direlarik.
5- Instalazioek argi kutsadura handia eragiten dute eta eragin hori ia Txorierri osoan ikus daiteke.

Orain dela egun batzuk iruzur guzti honen azkeneko astakeriaren berri izan dugu: proiektuak hotel erabilera izango zuen eraikuntza bat jasotzen zuen, beti ere golf zelaiaren erabilerara loturik. Bada, hotela soilik izan zitekeena, erabat ekipatuta dauden 51 apartamentutan bihurtu da, eta horien salmenta enpresa zein norbanakoei gauzatzen ari dela, nahiz eta eraikinak beharrezkoak diren baimenak ez izan. Salmenta horiek 2008. urtetik egiten ari direla jakin badakigu, eta tarte horretan, Larrabetzuko udal gobernuak, Tomas Ordeñana alkatea buru duena, horiek ezkutatzen ibili dela salatu behar dugu. Bide horretan, Larrabetzuko hirigintza arauek apartamentu pribatu horien izaera proiektuan jartzen den hotelaren izaerarekin bat ez datorrela baieztatzen dute. Halaber, hotelak hartzekodun ezberdinekin 1.200.000 eurotako zorra du.

Iragarritako iruzur baten aurrean gaude, tamaina handiko iruzur soziala, ekonomikoa eta ingurumen mailakoa, Foru Aldundiak eta Larrabetzu zein Galdakaoko udalek sustatutako eta onartutakoa. Bizkaitar guztion ondarea zena, ingurumen zein nekazaritzarako balio handiko lurzorua zena, pribilegiatu gutxi batzuen gozamenerako jabetza pribatuan bihurtu da. Eta guzti hau Foru Aldundiaren laguntzaz egin da, iruzur eskandalugarri hau egitea ahalbidetu duelako. Eta bereziki salatu beharrean gaude Bilbao-Sierra Sesumaga tandem-ak gai honekiko erakutsi izan duten eginahala, bere garaian lardaskeria guzti hau baimendu eta bultzatu zutelako.

Hori dela eta, Bizkaiko BBNNetako Ezker Abertzaleko Taldeak Jose Luis Bilbao Ahaldun Nagusiaren berehalako batzorderatzea eskatu du, nahiz eta beste Ahaldun batzuren batzorderatzea arrazoiak dauden, Ahaldun Nagusiaren inplikazio pertsonalak ikusita eta lurzoru publikoak zirenetan eragin den iruzur sozialaren zein ekonomikoaren tamaina ikusita, Bilbao jauna bera da azalpenak eman behar dituena.

Eta gure aldetik, lanean jarraituko dugu, beharrezkoa den tokietan gai honen inguruan ekimen ezberdinak abiatuz eta argi dugu ez dugula baimenduko Larrabetzuko udalean iruzur guzti honekin jarraitzerik eta epaitegietara iruzur guzti hau salatzera berriro ere joateko gure borondatea ere aurreratu nahi dugu.

Bizkaiko BBNNetako Ezker Abertzalea

Comentarios