Busturialdeak badu alternatiba: Guggenheimik ez!

Argitaratze data: 2009-12-23  pri

Busturialdeak badu alternatiba: Guggenheimik ez!



Gernikako Batzar Etxearen aurrean Arantza Urkaregi hautetsiak eta Ekain Ormaetxea Gernikako zinegotzi independentistak adierazpenak egin dituzte aurrekontuak eta Guggenheim-Urdaibai salatzeko asmoz:

Ekain Ormaetxeren adierazpenak:
Azken 25 urteetan 10.000 lanpostu baino gehiago galdu dira arrantza, nekazaritza eta industria sektoreetan. Krisiak, era berean, larriagotu egin du gainbehera hau. Hau dela eta Busturialdea sozioekonomikoki eskualderik atzeratuenetakoa dogu Bizkaian.

Erakundeen utzikeria ia erabatekoa izan da epealdi honetan, inongo ekonomia suspertzeko ekintzarik bultzatu ez delako. Egoera latz honen erantzukizun nagusiena EAJan bilatu behar dugu, bera izan baita azken hiru hamarkada hauetan, beste talde politiko batzuen laguntzaz, EAEko maila guztietako erakundeen arduradun nagusia. Nora eza, espekulazioa eta gutxi batzuen irabaziak, bere alderdiarenak barne, izan dira epealdi luze honen ezaugarri handienak Busturialdean.

Ezker Abertzalearen ustez Guggenheim museoak ez du Busturialdeko garapen sozial, ekonomiko eta kultural integrala ahalbidetuko. Busturialdearen etorkizuna ezin da turismora mugatu.

Gainera turismo mota honek ez du bertako bizilagunen garapena ahalbidetzen eta ondorio larriak izango ditu: lanpostu prekarioak areagotuko dira, tokiko gazte prestatuak kanpora joan beharko dira ogi bidea bilatzen, ingurumen aberatsaren biziraupena eta garapena ezbaian jarriko da, beharrezkoak diren lanpostuak ez dira sortuko… Beraz, denon diru publikoak gutxi batzuen esku pribatuetara desbideratuko diren bitartean, etorkizunerako probetxuzko inbertsiorik ez da egongo.

Busturialdeak badu alternatibarik: 1998. urtean tokiko instituzioen, taldeen, sindikatuen, enpresarien eta, oro har, Busturialdeko herritarren auzolanaren bultzadaz adosturiko JSEGE-PADAS proposamena aurkeztu zen. Eskualdearen garapen sozioekonomiko integrala, orekatua eta jasangarria bultzatzeko beharrezkoak ziren sektore ezberdinetako jarduketa lerroak, azpiegiturak eta proposamen zehatzak biltzen zituena, Eusko Jaurlaritzak Dekretuz onartu zuen Plana, hain zuzen ere.

Museoa eraikitzeko, beharrezkoa den guztion dirutza hori (384 milioi euro gutxienez) inbertituko bagenu 1998an onartu zen gaurkotutako Plana garatzen, ez al ginateke eskualdea garatzen egongo sozialki, ekonomikoki eta kulturalki modu orekatu, iraunkor eta solidarioan orain eta datozen belaunaldietan?

Exijitzen dugu denon dirua ez desbideratzea espekulatzaileen esku pribatuetara edota Urdaibaiko garapen jasangarrirako Planaren kontrako kapritxoetara.

Exijitzen dugu denon dirua inbertsio produktibo eta sozialetan erabiltzea adostutako Busturialderako Planak behartzen duen ildoetatik.

Elkarrizketa eta herritarrekin elkartasunean, auzolanean, lan egitea eskatzen dugu, garapen jasangarria guztioi dagokigun gauza delako, Busturialdean lan eta bizi nahi dugulako.

Arantza Urkaregiren adierazpenak:

Urdaibain jarri nahi duten Museoa, bizkaiko aurrekontuak nola egiten diren eta zeri erantzuten diotenaren isla dira.

Bizkaiko aurrekontuak inolako parte hartzerik gabe eta eskualde ezberdinetako beharrak kontuan hartu gabe burutu dira. Are gehiago gaur honen inguruan ematen ari den eztabaida antzua da, bi erakunderen arteko eztabaia irudikatu nahi dute, baina kontua ez da hori, kontua da Urdaibaik behar duen garapena guztien artean eztabaidatzea, ez hori bakarrik urdaibaik daukan garapenerako plana herritarren artean eta herritarrek erabakitzea, nolako eskualdea nahi duten eta ez, diputazioak zer nahi duen edota eusko jaurlaritzak, hemen behar dena eztabaida soziala eta guztien arteko partehartzea bultzatzea,urdaibaik bere garapenerako plana bideratzen.

Proiektu izar ezberdinetan oinarritutako aurrekontuak dira, ez dute pertsonen beharrei erantzuten baizik eta enpresarien beharrei. Azpiegiturak dira nagusi: supersur, errepideak, Ez dago inbertsio sozialik eta gizartekintzan eskeintzen diren zerbitzuak ez dira publikoak, zerbitzu gehienak azpikontatatuta daude.

Gaur zuzenketa partzialak eztabaidatzen dira, Ezker Abertzaleak osoko zuzenketa eta 66 zuzenketa partzial aurkeztu ditu gizartekintzan, euskara, gizon eta emakumeen arteko berdintasunean, enplegua sustatzeko neurri eraginkorrak exijituz, eta horietako beste asko ez gastuei begira baizik eta diru sarrerei begira: kapitaleko errentak , lanekoekin batera zergapetu era progesiboan exijituz, laneko errenta handieneko tipoa handitzea eskatuz, ondare zerga berriro ezartzeko eskaria eginez, sozietateen zerga igotzeko erreklamatuz....

Aberastasuna badago, birbanatu behar da, beste zerga sistema baten bidez.

Amaitzeko, salatu behar dugu aurrekontu hauek ez daudela eginda bizkaitar guztientzat, ez, aurrekontu hauek babesten dituzten alderdien  (EAJ eta PSEren) interes partidistetan oinarrituta daude. Honen adibide dugu Sestao, Portugalete edota Trapagako udalek Diputaziotik  jasoko duten dirutza kirol azpiegiturak egiteko.

Zer gertatzen da beste udalekin? Ez daukate beharrik? Zer gertatzen da Busturialdea eskualdearen garapen integrala bultzatzeko planarekin? Horretarako ez dago dirurik?

Gaur, Bizkaiko aurrekontuak onartuko dira Gernikako Batzar Etxe honen barruan, baina kanpoan herritarrek dituzten arazoak konpondu gabe jarraituko dute.

Ezker Abertzalearen aldetik lanean jarraituko dugula esan beharrik ez dago, herriz herri, eskualdez eskualde eta BBNN ere, bestelako Bizkaia ezkerretik eraikitzen. Bestelako Bizkaia posible dela forgatzen jarraituko dugu.

Busturialdeako Ezker Abertzalea eta Bizkaiko Batzar Nagusietako Ezker Abertzaleko taldea.

Comentarios