«Agintean dagoen jendeak zerbait emango du, mesede egiten badio»


Julen kaltzada, AEK-ko kide historikoa eta lagunak gose greba baten


Gizartea

«Euskal estatua sortzearen aldeko» hainbat faktore daudela uste du eta jende askori interesatzen zaiola euskal gatazka konpontzea.

Gotzon Hermosilla (berria)

Lanbrotuta esnatu da Urdaibai, euria goian-behean. Busturiako Etxebarriatze baserritik, ordea, ederra da ikuspegia, lainoek ez baitute itsasadarra erabat ostendu. Bizkaiko txoko lasai horretan du lantokia eta bizitokia Julen Kaltzada Ugaldek (Busturia, 1935). Jaio ere, bertan jaio zen, 1935eko uztailaren 18an, Francoren armadaren altxamendua baino urtebete lehenago. Baserri horretan, liburuz eta hiztegiz ondo hornituriko gela batean, lanean jarduten du ordenagailuaren aurrean, testuak itzultzen. Iaz argitaratu zuen azken itzulpena, Herbert Marcuseren `Eros eta zibilizazioa´. Kaltzadaren izena entzun, eta askori akordura etortzen zaizkio segituan diktaduraren garai latzak, euskal apaizen matxinada hura, Zamorako espetxea eta Burgosko auzia. Beste askok, berriz, euskalgintzarekin eta bereziki AEKrekin lotzen dute Kaltzada, eta izen horrek gogora ekartzen dizkie lehenengo Korrikak, AEKren eta HABEren arteko liskarrak, Eusko Jaurlaritzak, Joseba Arregi Kultur sailburu zela, AEK diru laguntzarik gabe uzteko saioak eta horrek ekarri zituen kalapitak. Horiek guztiek, eta gehiagok, osatzen dute Kaltzadaren iragana. Baina Kaltzada ez da atzera begira egoten direnetakoa, eta etorkizunari ere so egiten dio.

Frankismoaren kontra altxatu zen apaizen mugimendu hartako partaide izan zinen 1960ko hamarraldian. Zerk bultzatu zintuzten hain engaiamendu zuzena hartzera?

Ni Errepublika garaian jaioa naiz, baina frankismoaren garaian egin nintzen abade; beraz, gure gaztaroko bizitza frankismoaren garaikoa izan zen. Hala ere, nik neuk, behintzat, esan behar dut guk eskubideen alde jokatu genuela, giza, herri, lan eta mota guztietako eskubideen alde, eta injustuki zapalduak zirenen alde; hau da, torturatuen, eskubideen alde borrokatzeagatik espetxeratuak zirenen alde eta abar. Baina, egia esateko, garai hartan gu, edo ni, behintzat, ez ginen kontziente gaur giza eskubideak diren hainbat eskubide motaz; esaterako, emakumeen eskubideez. Dena dela, argi esan behar dut, gure eta nire pentsaera aldrebesten dutelako, ez gindoazela zuzenean frankismoaren kontra, eskubideen alde baino, eta, jakina, eskubide horiek zapaltzen zituztenen kontra. Eta, garai hartan, batez ere, Espainiako Estatuan agintzen zutenen eta euren alde zeudenen kontra, eta guri zegokigunez Elizako agintarien kontra, baina giza, herri eta langileen eskubideak urratzen zituzten neurrian.

Nondik sortu zen mugimendua?

Hori baino lehenago, Herri Gaztedi egon zen, eta hortik sortu genuen apaizen mugimendua. Gu euskal aldean ibiltzen ginen batez ere, eta beste batzuk egoten ziren Ibar Ezkerrean, Enkarterrin, Meatzaldean eta alde horretan guztian. Bi taldeok bat egin genuen batez ere Derioko itxialdian. Gure kezka nagusiak euskararen arazoa, baserriarena eta horrelakoak izaten ziren. Langileenak urrunago gelditzen zitzaizkigun. Alde horretatik, ekarpen handia egin genion elkarri; haiek langileen arazoei buruzko kezka ekarri ziguten, eta guk haiei euskal gaien ingurukoa. 60ko hamarkadaren testuinguruan ulertu behar da hori guztia, mundu osoan egon ziren mugimenduen testuinguruan, baina nik beti esan dut Parisen 1968ko maiatzean baino askoz mugimendu indartsuagoa egon zela Euskal Herrian sasoi hartan.

Gose greba sonatua ere egin zenuten 1969an.

Gose greba egitea erabaki genuen Espainiako Estatuaren jokabidea zitala zelako Euskal Herriarekin eta hemengo langileekin, eta Elizak salatzen ez zuelako. Alderantziz, alde zegoen. Baina garai hartako gure jokabideari buruz oraintxe ari dira liburu bat idazten, eta datorren urtean argitaratuta egongo da.

Egia al da irakasle titulua Zamorako espetxean lortu zenuela?

Irakasle titulurik niri ez didate sekula eman. Azterketa idatzia espetxeratu aurretik egin nuen. Gero, Zamoran nengoela, ahozko azterketa egin nuen, eta hura ere gainditu nuen. Baina kartzelatik atera nindutenean esan zidaten soldadutza edo dena delakoa egin gabe nuela eta hori egin gabe ezin zidala erregeak irakasle titulurik eman. Nik erantzun nien kartzelan nahiko soldadutza eginik nuela, baina gehiago egin beharra bazegoen, egiteko prest nengoela. Eta erantzun zidaten jadanik beranduegi zela eta epea bukatuta zegoela. Beraz, Espainiako erregearen titulurik gabe utzi ninduten.

Beste ikasketarik egin zenuen?

Irakasle karrera bukatu eta Filosofia egiten hasi nintzen, baina kurtso bat egiten baino ez zidaten utzi. Zamorako kartzelan zuloa egin genuenez, azterketak egiteko Valladolidera joatekotan ihes egingo ote nuen beldur ziren. Ama hil eta etxera ekarri nindutenean ere, inguru guztia guardia zibilez bete, eta Izaro eta Laida artean gerraontzi bat jarri zuten.

Burgosko auzian epaitutako hamasei lagunetako bat izan zinen. Nolako oroitzapenak dituzu horren inguruan?

Ni horretan apur bat atzeko atetik sartu ninduten. Haiek epaiketa itxia egin gura zuten, eta, horretarako, epaituen artean abade bat egotea behar zuten. Jon Etxabe bazeukaten, fusilekin harrapatu zutena, baina hura abade legez hartzen ez zutenez, beste zerbait behar zuten. Ni, ordurako, Zamorako kartzelan nengoen, 1969ko Gabonetan atxilotu nindutelako, eta auzi horretan sartu nahi izan ninduten helburu horrekin. Abokatuak etorri eta zer gertatzen zen azaldu zidatenean, nik esan nien, beharrezkoa bazen, Erroman premiazko sekularizazioa eskatuko nuela.

Zer leporatzen zizuten?

«Gaizkileei laguntzea». Sei urte eta egun bateko kartzela zigorra eskatzen zuten. Baina, antza, gutxi iritzi, eta kategoria handiagoa eman zidaten: gose greba egiteagatik, rebelión militar edo matxinatzea leporatu zidaten, eta gaizkileei laguntzeagatik, beste matxinada delitu bat. Horrek esan nahi du nik bi matxinada militar egin nituela. Francok bakarra, eta nik bi. Epaiketara eraman ninduten, eta han egon nintzen entzuten, apur bat lotsatuta, besteentzat heriotza zigorra eskatzen zutelako, eta niretzat, aldiz, sei urte baino ez.

Nola gogoratzen dituzu AEKren hastapen haiek?

Urte haietan militantzia zen nagusi. Ez zegoen dirurik, eta zegoen apurretik denok kobratzen genuen berdin. Baina guk zerbitzu publikoa eskaintzen genuen, eta pentsatzen genuen diru publikoa behar genuela, eta hori zela-eta, liskar gogorrak egon ziren, batez ere Joseba Arregi Eusko Jaurlaritzan egon zenean.

Giro horretan, nola hartu zenuten HABE sortzeko erabakia?

Euskal Herria eraikitzeko eginkizunean beste eragozpen baten moduan. Baina hori hala izan da AEK jaio baino mende asko lehenagotik, eta oraindik ere hala izaten jarraitzen du. Eta era batera edo bestera, aitzakia bat edo bestea jarrita, eragozpenak jartzen jarraituko dute, burujabe izan eta gure estatua lortu arte.


Zure ustez, zein asmorekin sortu zen HABE?


AEK boikotatzeko. Alde batetik, AEK-k euskaltegia zeukan herrietara jo zuten, eta esan zieten euren euskaltegia jarri behar zutela edo bestela ez zietela dirurik emango; eta, beste alde batetik, AEK-k talde didaktikoa zeukan eta haiek ez, eta horregatik talde didaktikoa sortu zuten. Den-dena, AEK galbidera eramateko asmoarekin. Hala ere, azkenean AEK onartu egin behar izan zuten.

Liskarrak liskar, helduen euskalduntzean AEK-k egiten zuen lana nola ikusten duzu gaur egun?

Lan handia egin zuen, irakasleak trebatzen, esaterako. Talde didaktikoa sortu zen, eta hark lan handia egin zuen esparru horretan. Eta, bestaldetik, hasieratik oso garbi izan genuen AEK Euskal Herri osoan hedatu behar zela, eta horretan ere indar handia egin zuen AEK-k. Korrika, hain zuzen, planteamendu horrekin jaio zen, Euskal Herri osoko agerraldia izatekoa. Helburuak argi egon ziren hasieratik; hau da, dirua batzea, Eusko Jaurlaritzak diru laguntzak ukatzen zituelako, eta Euskal Herri osoan egitea. Helburuak argi zeuden, baina horiek gauzatzeko ideiaren bila denbora luzea eman genuen. Hainbat ekitaldi egin nahi genituen, baina ekitaldi horiek lotura behar zuten, eta, gogoratzen dudanez, Txomin Barullo konpartsaren inguruko jendeari bururatu zitzaion txandakako lasterketaren ideia.

Garai hartan, AEK zen nazio osoa hartzen zuen erakunde bakanetako bat, Euskaltzaindiarekin batera.

Bai. Geroago, alderdi politikoak hasi ziren antzeko planteamenduak egiten, baina esan daiteke AEK aitzindaria izan zela.

Korrika aipatu duzu. Hamar eguneko lasterraldi hura egitea bururatu zitzaizuenean, inoiz pentsatu zenuten Korrika euskal gizartearen agerraldirik jendetsuena bilakatuko zela eta gaur egun duen arrakasta erdietsiko zuela?

Korrikak, egia esan, buruko min asko eman zigun. Baina buruko min gehienak guztiz gustukoak ziren. Laguntza eske joan ginen ia-ia guztiek pozik eta gogo handiz erantzun zuten. Baina ez bakarrik AEK-ko jendeak, herriko jendeak ere bai, eta bereziki aipatu nahi nituzke Bai Euskarari antolatu zuen taldea, Aurman eta Txomin Barullo konpartsa. Ia-ia guztiak esan dut, zeren indar askoko gutxi batzuek gogor boikotatu baitzuten. Hala ere, zoritxarrez eurentzat, alferrik. Adibide gisa, Bai Euskarari taldekoek iradoki ziguten Korrikari mesede egingo ziola Euskaltzaindiak Bai Euskarari kanpainan erabili zuen txoriñoa Korrikan agertzea. Euskaltzainburuarengana jo genuen txoriñoa erabiltzeko baimena eskatzen eta ukatu egin zigun. Horrek ez du esan gura beste euskaltzain batzuek, euren artean Jose Maria Satrustegi jaunak, ez zigutela laguntza paregabea eman.

Egunkaria Sortzen plataforma osatu zuten 75 euskatzaleetako bat izan zinen. Egunkaria auziko epaiketatik zer espero duzu?

Batek daki, hori ez dagoelako justiziarekin lotuta, agintzen duten politikariekin baino, eta interesatzen zaien justizia egingo dute, nahiz eta mundu guztiak jakin justizia hori benetako injustizia dela eta injustizia hori egiten ari direnak merezi dutela zigorra. Baina Egunkaria-koek, merituaren ordez, zigorra jasoko dute, eta besteek, zigorraren ordez, meritua.

PSE-EEk Euskara askatasunean agiria aurkeztu zuenean, gogor kritikatu zenuten hainbat euskaltzalek, «hizkuntz eskubideen urraketa betikotzeko saioa» zelakoan.

Orain, PSE-EE Jaurlaritzan agintari dela, zuen beldurra egiaztatu dela uste al duzu?

Ez pentsa, orain badirudi haiek konponduko dutela arazoa, zeren, diotenez, berdin tratatuko baitute euskara eta erdara. Eta, hori hala bada, espero dut lortuko dutela Baskongadetako jende guztiak euskara ikastea, eta udal guztietan, Legebiltzarrean eta leku guztietan, berdintasuna egongo denez, haiek ere euskara ikasiko dutela.

Nola ikusten duzu gaur egungo egoera politikoa?

Nik uste dut agintean dagoen jendeak zerbait emango duela, zerbait emateak mesede egiten badio. Dirudienez, hau konpontzeko, ETAk eskatzen du onartzea euskal herritarrak adinez nagusiak garela, hamazortzi urteak aspaldi egin genituela eta, beraz, erabakitzeko ahalmena dugula. Horixe baino ez. Eta nik uste dut jende askori komeni zaiola hau konpontzea. Enpresaburuei komeni zaie. Europari ere bai, azken finean Europari hogei edo hogeita bat estatu egoteak berdin diolako, eta beharbada mesede ere egin diezaioke estatu txikiagoak egoteak. Eta, bestaldetik, Europak, AEBen aldean, bakearen eta ongizatearen ideia saldu nahi du, eta horretarako kaltegarri zaio hemen borroka armatua egotea. Beraz, badaude hainbat faktore, euskal estatua sortzearen aldekoak direnak.



DI-da batean


Joseba Arregi. Kultura sailburu izan zen garaian, AEKri ez zion txakur txikirik ere ematen. Gero, asko igo zen, eta Arzalluzi ere lehia egiteko modua ikusi zuen, baina galdu egin zuen. Eta, geroztik, ikustekoa da zelako bidea egin duen.

Jokin Gorostidi. Epaiketan ezagutu nuen Jokin, eta Itziar Aizpurua bere andrea ere bai. Inor egon bada aurre egiteko prest, berena ahaztuta eta jasotako jazarpen eta sufrimendu guztien gainetik, beraiek egon dira.

Mari Karmen Garmendia. Herri Gaztedin ezagutu nuen, hamazortzi bat urte zituela. Nik uste dut euskarari mesede egin diola, baina ziur nago berak irabazi duen bezainbeste mesede ez diola egin.

Periko Solabarria. Ni baino zaharragoa da, baina apaiztegian ezagutu nuen. Hasieran ez geneukan hartu-eman handirik, bera Ibar Ezkerrean eta ni Durangaldean ibiltzen ginelako, baina Derioko itxialdiaren ostean eta kartzelan harreman handia izan genuen. Hura ere azken bururaino engaiatu da beti.

Comentarios