Urdaibaiko Guggenheimek 148.000 bisitari izango dituela dio Aldundiak

BERRIA 2009-10-06

  • Urdaibaiko Guggenheimek 148.000 bisitari izango dituela dio Aldundiak
  • Museoari buruzko lehen bideragarritasun azterketak egin dituzte, eta
    diotenez, 3.500 lanpostu sortuko ditu eskualdean
  • Eusko Jaurlaritzak ez du oraindik argitu museo berrian parte hartzeko
    asmorik duen

Irune Berro.

Bilbo

Urdaibain eraiki nahi duten Guggenheim museoaren inguruko lehen
bideragarritasun azterketak egin dituzte Bilboko Guggenheim museoak eta
Bizkaiko Foru Aldundiak, eta gaur-gaurkoz azterlan guztiak erabat amaitu
ez dituzten arren, zenbait ondorio aurreratu dituzte. Diotenez, 148.000
bisitari izango ditu urtean Urdaibaiko Guggenheimek. Eta, horretaz gain,
3.500dik gora lanpostu sortuko ditu. Hala adierazi dute, behinik behin,
hedabideetara igorritako ohar baten bidez.

«Bilboko Guggenheim museoa handitu aurreko lanak egiteko» agiria sinatu
zuten Jose Luis Bilbao Bizkaiko diputatu nagusiak eta Juan Ignacio
Bidarte Bilboko Guggenheim museoko zuzendariak, iragan ekainaren 11n.
Itun horren bidez, milioi bat euro jarri zituen Aldundiak «museoa
handitu aurreko lanak egiten hasteko». Agerraldi hartan, Guggenheim
berria egiteko asmo sendoa erakutsi zuten Bilbaok zein Bidartek, artean
museoa bideragarria ote zen ez bazekiten ere.

Prentsa oharrean diotenez, Bilboko Guggenheim museoko 2.668 bisitariri
galdetu diete Urdaibaiko museora joango liratekeen Bilbokoan egon
ondotik, eta horiek emandako erantzunetan oinarrituta atera dute
ondorioa: urtean 148.000 bisitari hartuko ditu batez beste.

Ekonomian izango duen eraginaren inguruko azterlana ez dute oraindik
amaitu, baina eman dituzte lehendabiziko datuak. Museoa eraikitzeak
bakarrik, zuzenean nahiz zeharka, 384 milioi euroko aberastasuna
eragingo duela diote. Halaber, 169 milioi euroko barne produktu gordina
sortuko du Urdaibaiko museoak, eta Bizkaiko ogasunak 73 milioiko diru
sarrera izango du, betiere Guggenheimek eta Aldundiak emandako datuen
arabera. Iturri horiek diotenez, 3.536 lanpostu ere sortuko ditu museo
berriak.

Urdaibaiko biosfera babestutako naturgunea izanik, araudi zorrotza
betetzea ezinbestekoa da ezer eraikitzeko. Museo berriak, nolanahi ere,
arau guztiak zorrozki beteko dituela jakinarazi dute Guggenheimeko eta
Aldundiko ordezkariek. Hautatutako eremuan eraikitzea, gainera, posible
dela diote. BBK-k Sukarrietan dituen udalekuetan egin nahi dute museoa,
Ricardo Bastida arkitektoak 1925ean altxatutako eraikina eraitsi
ondoren. Lur sail hori egokia den egiaztatzeko, azterketa geoteknikoa
egin dutela azaldu dute, eta eremua aproposa dela ondorioztatu dute.

*Laborategi eta erakustareto*

Urdaibaiko Guggenheim lauzpabost urte barru irekiko dutela esan zuten
ekainean Bilbaok eta Bidartek, «2013an edo 2014an». Haatik, ez zuten
inolako proiektu museografikorik aurkeztu. Gauza bakarra esan zuten
museoaz: «Hurrengo hamarkadako kulturaren paradigma izango da».

Orain argitu dute Urdaibaiko museoa ez dela Bilboko Guggenheimen
errepikapena izango. «Ez dugu Bilboko museoa handituko, beste bat
sortuko dugu», zehaztu dute. Nazioarteko adituek osaturiko taldeak zazpi
kontzeptu aipatu ditu, museo berria egituratzeko. Haiek diote museo ez
ezik, lantegi ere izan behar duela egoitzak; horrenbestez, etengabeko
aldaketan dagoen sorkuntza gunea izango da. Museoaren jarduna, halaber,
laborategiaren ideiari estuki loturik garatzea proposatu dute. Hots,
uste dute museoak artea beste diziplina batzuekin harremanetan jartzeko
tokia izan behar duela. Haien arabera, adituen bilgune izan behar du
orobat, eta erakustareto dinamikoa. Museoaren jarduera inguruari zabalik
egotea komenigarria dela ere azaldu dute adituek.

Abenduan bilduko dira Bilboko Guggenheimeko patronatua eta Urdaibaiko
Guggenheimeko Batzorde Betearazlea. Azterketen emaitzak aztertu, eta
zein pauso eman erabakiko dute. Eusko Jaurlaritzak museoan parte hartuko
duen ere argitu beharko du.

Comentarios