Zertan datza, zehazki, etxebizitza tasatua?

BPE tasatua

Babes publikoko etxebizitzen modalitateen artean, Lurzoruari buruzko 2/2006 Legean bultzada handia jaso duenetako beste bat BPE tasatua edo etxebizitza tasatua da.

1.- Zertan datza, zehazki, etxebizitza tasatua?


Neurri handian sinplifikatuta, BOE tradizionalaren eta etxebizitza librearen arteko aukera dela esan genezake. Salmentarako mugako prezio bati edo prezio tasatu bati lotuta daudelako deitzen zaie etxebizitza tasatu. Prezio horrek ezin ditu gainditu legez ezarritako zenbateko batzuk.

Honako ezaugarri komunak dituzte etxebizitza tasatuek eta BOEek:

* Eraikuntza-ezaugarriak eta eraikuntza-araudia berak dira.
* Eskuratzen dituztenek hainbat baldintza bete behar dituzte.
* Zozketa bidez esleitzen dira.
* Etxebizitza babestuen kalifikazio iraunkorra jasotzen dute.
* Ezin dira era librean saldu; aitzitik, prezio jakin batzuk errespetatu behar dira eta lehentasunez erosteko eta atzera eskuratzeko eskubidea eskaini behar zaio administrazioari. Erregimen orokorreko BOEekin dituzten desberdintasunak honako hauek dira: eskatzaileen gehieneko diru-sarrerak handiagoak izan daitezke eta etxebizitzak berak garestiagoak dira.

Hau da, finkatutako mugak gainditzen dituzten diru-sarrerak dituztelako BOE bat eskuratu ezin duten, baina etxebizitzek merkatu librean dituzten prezioak ordaintzeko behar diren diru-sarrerak ere ez dituzten pertsonei zuzenduta dauden etxebizitzak dira.

Erregimen Tasatuko Babes Ofizialeko Etxebizitzen (BOET) definizioa, ezaugarriak eta, oro har, erregimen juridikoa erregimen orokorreko babes ofizialeko egungo etxebizitzenak berak izango dira, etxebizitza horiek arautuko dituzten arauzko xedapenak edo legeria propioa atera arte.

2.- 2/2006 Legearen arabera, zenbatekoa izango da etxebizitza tasatuen ehunekoa BPEen kopuruaren barruan?

Etxebizitza tasatuen partaidetza-kuota handia izango da. Izan ere:

* Zabalkunde-eremu berrietan, lurzoru urbanizagarriko sektore bakoitzaren % 75 etxebizitza babestuetarako izango da, salmentan edo alokairuan. Hain zuzen ere, % 55 erregimen orokorreko eta erregimen bereziko BOEak izango dira, eta gainerako % 20 etxebizitza tasatuak.

* Hiri-lurzoruen kasuan, etxebizitza babestuetarako gordeko den ehunekoa % 40 da. Hain zuzen ere, % 20 erregimen orokorreko eta erregimen bereziko BOEak izango dira, eta beste % 20 etxebizitza tasatuak.



3.- Etxebizitza tasatu motak:

Etxebizitza tasatuen barruan, bi multzo handi daude:

Erregimen tasatu autonomikoko BOEak (BOET):

Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioak zuzenean sustatutako etxebizitza tasatuak dira, eta horien erregulazioa Eusko Jaurlaritzaren eskumena da.

Udal Etxebizitza Tasatuak (UET):

Euskadiko udalek zuzenean sustatutakoak dira. Hautatutako babes publikoko erregimena dagokion toki-ordenantzan oinarrituta definituko da. Izan ere, bi modalitate egongo dira aukeran: Erregimen orokorreko UETak eta erregimen bereziko UETak.

a) Erregimen tasatu autonomikoko BOEak:

Arestian esan bezala erregimen tasatu autonomikoko BOEak arautuko dituen berariazko araudi bat oraindik garatzeke badago ere, eta kontrakorik xedatzen ez den bitartean, erreferentziazko bi parametro garrantzitsu daude definituta:

Salmenta-prezioa: gehieneko salmenta-prezioa erregimen orokorreko BOEena baino 1,7 aldiz handiagoa izango da gehienez. Erreferentzia orientagarri gisa, honako datu hau har dezakegu: 80 metro koadroko azalera duen, garajea eta trastelekua dituen eta hiri-zonan kokatuta dagoen erregimen orokorreko BOE baten prezioa 117.700,- euro da gaur egun.

Hortaz, antzeko etxebizitza tasatu autonomiko bati aplika dakiokeen gehieneko prezioa 200.090,- euro da.

Eskatzaileen diru-sarrerak: etxebizitza horien onuradunen gehieneko diru sarrerak 45.500,- euro izango dira.

b) Udal Etxebizitza Tasatuak (UET):

Udal Etxebizitza Tasatuei esker, Udalek parte-hartze handiagoa izango dute udalerriko etxebizitza-premiei eman beharreko erantzunean, eta zuzenean esku hartu ahal izango dute udalerrian eraiki beharreko BPEen ehuneko handi batean. 2/2006 Legeak ezartzen duenez, Euskadiko udalek babes publikoko erregimena arautuko duen toki-ordenantza aldarrikatzearen bidez halakotzat ezartzen dituztenak hartuko dira udal-etxebizitza tasatutzat (UET).

Udalerrian eraiki beharreko UETei dagokienez, honako bi mota hauek izango dituzte aukeran Udalek:

* Erregimen Bereziko Udal Etxebizitza Tasatuak (UET)

* Erregimen Orokorreko Udal Etxebizitza Tasatuak (UET)

Zein da erregimen bateko etxebizitzen eta beste erregimenekoen arteko aldea?

Udal Etxebizitza Tasatuak (UET) arautuko dituen berariazko araudi bat garatzeke badago ere, oraingoz Erregimen Bereziko UETek Erregimen Tasatu Autonomikoko BOEetarako adierazi ditugun jarraibide berak eta ia tratamendu bera dituzte.

Hortaz, nolabait ere Eusko Jaurlaritzaren tutoretzapean daudela esan dezakegu.

Izan ere, lehen erregimen tasatuko babes ofizialeko etxebizitzak zirenak eraikitzeko egungo hirigintza-antolamenduetan onartutako eraikigarritasun-ehunekoa izateko, etxebizitza horiek erregimen bereziko UETekin baino ezin dira ordezkatu (ezin dira erregimen orokorrekoekin ordezkatu).

Aitzitik, Erregimen Orokorreko UETei dagokienez, Udalek malgutasun maila handia izango dute eraiki beharreko etxebizitzen ezaugarriak zein hartzaileenak definitzeko.

Halaber, etxebizitzak udalerriko tipologiara egokitzeko aukera izango dute.

Kasu horretan, salmenta-prezioa eta onuradunen gehieneko diru-sarrerak ez ezik, onuradunek bete beharreko baldintzak eta esleitzeko jarraitu beharreko prozedura ere definitu ahal izango dituzte Udalek. Nolanahi ere, publizitatearen, lehia askearen eta diskriminaziorik ezaren printzipioak errespetatu beharko dira.

Gainera, Erregimen Orokorreko UETek BPEen kalifikazio iraunkorra izango dute eta, beraz, ezin izango dira era askean eskualdatu, horretarako aurreikusitako jarraibideen arabera baizik.

Comentarios