Eak, 16 etxebizitza tasatu izango ditu lau urteren buruan

2009-05-14 | 12:54:40

Etxebizitzak Goikobidea eta Kurtzia kaleen artean kokatuko dira, hauen eraikitze lanak urte amaieran hasiko dira.

Eako Udalak, martitzenean egindako udaleko osoko bilkuran herrian etxebizitza tasatuak eraikitzeko hirigintza tramitaziorako lehen pausoa eman zuen. Horretarako, bilkuran etxebizitza hauek eraikitzeko beharrezkoa zen herriko sorospideko arauak moldatzea onartu zen, seigarren burutze unitatean, hain zuzen ere.

Eako Udalak herrian eraikiko diren etxebizitza tasatuen egitean aurrera doa. Izan ere, beharrezkoa den hirigintza tramitazio guztia dagoeneko martxan jarri du. Hortaz, etxebizitza tasatu hauen eraikitze lanak urte amaieran hastea espero da. Proiektu honen bidez, Udalak herrian dagoen etxebizitzen beharrizan errealari erantzuna eman nahi dio.

Inkestak proiektua diseinatzeko
Eako Udalak, herrian zer nolako etxebizitza beharrizan erreala zegoen ezagutzeko asmoz, galdetegi edo inkesta bat banatu zuen etxez- etxe urte hasieran. Gainera, hauen bitartez herritarrek interesatzen zitzaien etxebizitza motaren ezaugarriak zehaztu ahal izan ziren ere.

Behin hauek jasota, lortutako emaitzak kontutan hartu dira Eako etxebizitza tasatuen proiektua diseinatzeko. Inkesta hauetan 21 lagunek epe laburrean etxe bat eskuratzearen aldekoak agertzen ziren ( hiru urteren buruan) eta hauetako hamazortzik bi edo hiru geletako etxebizitzak eskatzen zituzten.

Hau guztia kontutan harturik, Udalak eta Aldundiak 70m2ko hamasei etxebizitza eraikiko dituzte bi bloke ezberdinetan banatuak. Bestetik aurreikusitako prezioa 120.000 eta 150.00 euro artekoa da bi logelakoen kasuan eta 155.00 eta 175.000 euro artekoa hiru logelakoenenean.

Oro har, eraikuntza lanak bi fase ezberdinetan antolatuko dira, lehenengo fasea hiru urteren buruan amaitzea aurreikusi du udalak eta bigarrena aldiz, lau urte eta erdi barru, betiere epeetan aldaketa egon daitezke. Aldundiaren menpeko Bizkailur sozietate publikoak eta Eako Udalak eraikiko dituzten pisu tasatu hauek Goikobidea eta Kurtzia kaleen artean kokatuko dira, udalak eta aldundiak eskuratutako lurretan alegia. Hirigintza tramitazioak behin hasita, eraikuntza lanak urte amaierarako hastea espero dute.

Comentarios