Etxebizitza arazoari aurre egiteko asmoa agertu du Udalak

Etxebizitza arazoari aurre egiteko asmoa agertu du Udalak

Hirigintza

Horretarako, etxebizitza libreez gain, babes ofizialeko zein etxebizitza tasatuetarako aukerak emango dituzte.

BUSTURIALDEKO HITZA olaia zabalondo

Busturiko Udalak herrian dagoen etxebizitza arazoari aurre egin gura dio. Horretarako, etorkizunean hainbat etxebizitza egiteko asmoa agertu dute. Etxebizitza horien artean denetarik izango da; etxebizitza libreak egingo dituzte, babes ofizialekoak eta baita etxebizitza tasatuak ere.

Andoni Elorrieta Busturiko Etxebizitza, Hirigintza eta Ingurumen zinegotziaren esanetan, «Busturiko Udalaren helburua herrian etxebizitza tasatuak egitea da. Hori agertu genuen gure programan eta helburu horretan jarraitzen dugu». Horrela, herriko gazteei herrian bizitzeko aukera eman nahi die Busturiko Udalak.

180.000 eurotik beherako etxebizitza tasatuak

Alde batetik, Busturiko Udalak 39 etxebizitza tasatu egiteko tramiteak ipini ditu martxan. «Tramite legalak dagoeneko abiatu ditugu», azaldu du Elorrietak.

Une honetan herrigunean etxebizitza tasatuak egin ahal izateko lurrak erosteko negoziatzen ari dira lur horien jabeekin. Momentuz, Busturiko zinegotziaren esanetan, bi toki begiratu dituzte etxebizitza horiek eraikitzeko. «Konpromisorik oraindik ez dugu, ez baitugu batarekin zein bestearekin sinatu, baina baiezkoa eman dute». Legez eskatzen dieten lurren birkalifikazioa egiten hasi direla esan du Elorrietak. «Orain etxetxo bat edo bi dituen tokia birkalifikatu egin behar da bederatzi edo hamar etxe eraiki ahal izateko». Birkalifikazio horrek bere denbora behar duela azaldu du Elorrietak. Lehen bederatzi hilabete inguru itxaron behar zen, «espero dugu orain gutxiago itxaron behar izatea».

Etxebizitza tasatu horiek Altamira, San Bartolome eta Axpe auzoetan egingo dituzte. «San Kristobalen ezinezkoa dugu etxebizitza tasatuak egitea ez dugulako urbanizagarri moduan kalifikatuta dagoen lurrik».

180.000 eurotik beherako etxebizitza tasatuak egitea aurreikusi du Busturiko Udalak. Etxeak, prezio horren barruan, 90 metro koadro ingurukoak izango lirateke eta garajea eta trastelekua izango lituzkete.

Etxebizitza libreak Zelaiondon eta Zubiondon

Aurreko udalbatzak San Kristobal auzoko Zelaiondon eta Zubiondon etxebizitza libreak eraikitzeko pausoa eman zuen. Gaurko udalbatza etxebizitza libre horiek egitearen aurka agertu da, eta horien eraikuntza geldiarazten saiatu direla esan du Busturiko zinegotziak.

Horri aurre egiteko babes publikoko etxebizitzak eraikitzeko akordioa adostu zuten. Hala ere, Elorrietaren esanetan, ezin izan dute lortu etxebizitzon %75a babes publikokoak izatea, aurreko udalbatzak «etxe libreak egiteko eman beharreko pauso legal guztiak emanda» zituelako. «Aurreko udalbatzak onartutakoa baliogabetzea erabakiko bagenu, ez genuke nahikoa diru izango promotoreen demandei aurre egiteko».

Legez prozesu guztiak onartuta daudela esan du Busturiko zinegotziak. «Urbanizazio proiektua egitea falta da eta berau onartzea». Hortik aurrera hasiko lirateke etxeak eraikitzen.

Babes ofizialeko 90 etxe

Bestalde, aurreko udal gobernuak Etxebiderekin Presapen babes ofizialeko 90 etxebizitza eraikitzea adostu zuen. Lan horiek, bestalde, 2009ra arte ez direla hasiko esan du Etxebidek. Urriaren hasieran Udalak berriz berba egin zuen Eusko Jaurlaritzaren erakunde horrekin, babes ofizialeko etxebizitza horien beharrizana gogorarazteko eta lanak noiz hasiko diren galdetzeko. Etxebidek lanak atzeratu egingo direla esan zion Busturiko Udalari. Datorren urteko maiatzera edo ekainera arte ez direla hasiko erantzun zion egindako galderaren aurrean.

Etxe horiek erosteko lehentasuna busturiarrek izango dutela adierazi du Elorrietak. «Eskaeraren arabera, fase batean edo bitan eraikiko dira». Presapeko gune horretan, gainera, 30 kilowatteko argindar linea lurperatuko dute.

Gazteak herrian geratzea gura du Udalak

Busturian azken hamasei urteetan babes ofizialeko eta etxebizitza tasatuen moduko etxerik ez dela egin azaldu du Elorrietak. «Aurreko udal gobernuak ez du helburutzat izan herritarrentzako etxebizitzak egitea». Egin diren etxebizitza guztiak libreak izan dira, «apenas bizi da herriko jendea eta lotsagarria da. Azkenean, Busturiko gazteak beste leku batera joan behar dira bizitzera».

Bestalde, egungo udal gobernuak gazteei herrian geratzeko aukera eman gura die, «uste dut bide onean goazela, gainera». Legegintzaldia aldatu orduko babes ofizialeko eta tasatutako 60 etxebizitza inguru izango dituztela esan du Busturiko zinegotziak.

Hortik aurrera, Busturiko herriak etorkizunean babes publikoko etxebizitzak egiteko hirigintza politika aldatzeko araudia onartu duela argitu du Elorrietak. «Egiten diren etxebizitzen batazbesteko batek babes publikoko etxebizitza izan beharko du». Hain zuzen ere, hiri-lurrean, hau da, hirigunean, etxebizitzen %40ak babes publikokoak izan beharko dira eta gainerako %60ak merkatuko prezioan salduko diren etxebizitzak izango dira.

Bestalde, lurzoru urbanizagarrian, hau da, hirigunetik kanpo, egingo diren etxebizitzen % 75ak babes publikokoak izango dira eta gainerako % 25ak, libreak.

«Araudi hori ondo joango balitz, hurrengo hamabost urteetan etxebizitza gehienak babes ofizialekoak izango lirateke», esan du Elorrietak.

Estiloa mantendu beharra

Busturian eraikiko diren etxebizitzek estilo bat jarraitu behar dutela azaldu du zinegotziak. «Etxebizitzek, beheko solairuaz gain, bi solairu gehiago izan ahalko dituzte orokorrean». Hala ere, kasu bereziak egon litezkeela azaldu du. «Ingurua baxuagoa bada, etxebizitza berriak altuera mantendu beharko du».







Comentarios