Udalbiltzaren mozioarekin bat egin dute 68 udalek, eta euskal herritartasuna bultzatzeko herri dinamika abiatzeko deia egin dute


 
Egun hauetan Euskal Herriko 54 udalek ez ohiko osoko bilkurak egin dituzte gai bakar bati buruz hitz egiteko: 'Euskal Herritarrak gara eta ozenki adierazi nahi dugu' mozioa eztabaidatu eta bozkatzea, Aberri Eguna dela-eta Udalbiltzak aurkeztutakoa. Horrez gain, hamalau udaletan mozioa onartu dute ohiko osoko bilkuretan, eta zortzi herrietan bandoen bidez zabaldu dute proposatutako testua.

Mozioa herri hauetan onartu da ez ohiko osoko bilkuretan:
• Gipuzkoa (27): Aduna, Albiztur, Antzuola, Arama, Aretxabaleta, Arrasate, Asteasu, Astigarraga, Berastegi, Bergara, Bidania-Goiatz, Deba, Hernani, Irura, Lazkao, Legorreta, Lezo, Lizartza, Mutriku, Oiartzun, Orendain, Segura, Tolosa, Usurbil, Zaldibia, Zarautz, Zestoa.
• Bizkaia (12): Ajangiz, Arrankudiaga, Atxondo, Aulesti, Busturia, Dima, Ea, Lekeitio, Nabarniz, Ondarroa, Otxandio, Urduña.
• Nafarroa Garaia (12): Arantza, Arbizu, Areso, Bakaiku, Basaburua, Bertizarana, Etxalar, Goizueta, Lakuntza, Lesaka, Olazti, Uharte Arakil.
• Araba (3): Aramaio, Asparrena, Legutio.

Eta hau da ohiko osoko bilkuretan mozioa onartu duten herrien zerrenda:
• Gipuzkoa (9): Altzo, Amezketa, Anoeta, Azpeitia, Berrobi, Eskoriatza, Ezkio-Itxaso, Orexa, Zizurkil.
• Bizkaia (3): Larrabetzu, Mañaria, Meñaka.
• Nafarroa Garaia (2): Agoitz, Iturmendi

Osoko bilkura gehienak apirilaren 11n eta 12an egin ziren, eta herri batzuetan Euskal Herriko ikur eta banderen aldeko herri ekitaldiak ere antolatu ziren.
Onartutako testuan, udalbatzek euskal herritartasunaren aldeko herri dinamika bultzatzera dei egiten dute, eta, horrekin batera, herritartasun hori agiri ofizial baten bidez adierazteko zilegitasuna aldarrikatzen dute. Era berean, herritar guztiak gonbidatzen dituzte jendaurrean adierazteko "garena eta sentitzen duguna", kaleetan eta eraikin publiko nahiz pribatuetan Euskal Herriko ikurrak jarriz. Azkenik, udalbatzek igandean Etxarri Aranatzen egindako herri galdeketari babesa eta zilegitasuna eman, eta bat egiten dute 'Gure esku dago' ekimenak ekainaren 8rako erabakitzeko eskubidearen alde antolatu duen giza katearekin.

Lekeition, osoko bilkuren aretoa bete zuten herritarrek mozioa eztabaidatu zen egunean.


Urduñan ere, osoko bilkura jendetsua izan zen.


Usurbilen, hautesiak eta herritarrak osoko bilkura amaitu ondoren.


Mozioa onartzeaz gain, ikurriñaren aldeko ekitaldi bat egin zuten Astigarragan.


Ajangizen ere, babes herritarra jaso zuen Udalbiltzaren mozioak.


ARGAZKI GEHIAGO: Aduna, Legorreta, Oiartzun, Arrasate, Uharte Arakil

Mozioa: 'Euskal Herritarrak gara eta ozenki adierazi nahi dugu'
Aturritik Ebrora eta Enkarterrietatik Auñamendira, Pirinioetako bi aldeetan 685 udalerrietan bizi garen 3 milioi euskal herritarren gehiengoak, gure hizkuntza, kultura, edo jatorria edozein izanik ere, Euskal Herritar gisa bizi nahi dugu. Gure eskubide zibil eta politiko barne, Nazioarteko Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsaletik eratortzen diren eskubide guztien jabe bizi nahi dugu Euskal Herri osoan.
Baina hori, zoritxarrez ez da gaur guk pairatzen dugun errealitate politiko administratiboa. Euskal Herria estaturik gabeko herri bat da, eta gu, euskal herritarrok gure borondatearen gainetik, ofizialki frantziarrak edo espainiarrak izatera beharturik gaude. Gure udalerriak 2 estatuetan sakabanaturik daude. Alde batetik, Ipar Euskal Herriko 159 udal Frantziako Errepublikako Akitania izeneko erregioaren Pirinio Atlantikoetako departamentuaren barruan daude, Biarnoarekin batera diluiturik, inolako aitortza politiko administratiborik gabe. Bestetik, Espainiako Erresuman administratiboki kokatzen dira beste 526 udal. Hurrenez hurren: 272 Nafarroako Foru Komunitate izeneko Autonomia elkargoan, 251 Euskadiko Autonomia Elkargoan, bi Gaztela-Leongo Autonomia elkargoko Burgos Probintzian eta azken bat Kantabriako elkargo autonomoan.
Errealitate hori ez da Euskal Herritarrek libre eta demokratikoki erabaki egin duguna, gerra eta konkistaz beteriko historiaren ondorioa baizik. Errealitate hori era demokratiko batean aldatzeko, Euskal Herriko udalek lan aitzindaria eta garrantzitsua egin dute historikoki. XX. mendean adibidez, horren lekukoa da 1931. urteko Lizarrako estatutua, 1976. urteko Bergarako alkateen mugimendua edo Ipar Euskal Herriko 1999. urtean Euskal Departamenduaren alde egindako aldarrikapen eta mobilizazioak.
XXI. mendea hastear zegoelarik Euskal Herriko udal eta Udal hautetsien Biltzarra, Udalbiltza, beste mugarri esanguratsua izan zen.
2014. urte honetan abagune berezia ari gara bizitzen. Begi bistan daude kontrako eta aldeko faktoreak. Alde batetik, nabaria da Espainia eta Frantziaren ezezko iraunkorra... Baina han daude ere Europako estatu berrien sorrera, Katalunia eta Eskoziaren autodeterminaziorako erreferendumak edo 'Gure esku dago' bezala, Euskal Herrian sortzen ari diren herri ekimen arrakastatsu berriak edo itxaropentsuak izatera bultzatzen gaituen Independentziari buruzko Etxarriko herri kontsultak.
Horregatik, Euskal Herriaren egunaren bezperetan, Euskal Herritarren egunera hurbiltzen ari garenean, aurreko guztia aintzat hartuz, _________ herriko udalak Aberri Egunerako ez ohiko osoko bilkura honetan, hurrengoa adierazi nahi du:
1.- Euskal Herritarrak garela adierazteko garaia heldu dela eta ozenki esan nahi dugulako, Euskal Herritartasunaren aldeko herri dinamika sortzeko eta sustatzeko deia luzatzea erabaki dugu.
2.- Kaleetan zein eraikuntza publiko eta partikularretan Euskal ikurrak jartzeko gonbidapena luzatzen dugu honen bidez. Zer ez garen baino, garena eta sentitzen duguna ikurren bidez publikoki adierazteko gonbidapena luzatu nahi diogu herritar orori.
3.- Zer garen gaur, iragana ezagutu gabe oso zaila delakoan, aitzineko zein garaikidea den oroimen historikoa berreskuratzeko konpromisoa hartzen dugu. Hala ere, iragana baino gehiago, oraina eta -batez ere- etorkizunari erreparatu nahi dugunez gero, kultur, hizkuntz eta identitate aldetik anitz eta aberatsa sortzen ari den Euskal Herri berri honi so egiten diogu. Horregatik, atxikimendu librean oinarriturik, Herritartasun Agiri Ofizialaren beharra aldarrikatu, eta ekimen bateratua, ofiziala eta eraginkorra sortzeko konpromisoa adierazi nahi dugu.
4.- Independentziari buruz Etxarriko herriak apirilaren 13an burutuko duen herri kontsultari erabateko babesa adierazi nahi diogu. Erabakitzeko eskubidearen ariketa demokratiko praktikotzat jotzen dugu eta zentzu honetan bere zilegitasuna aitortu nahi dugu.
5.- Zentzu berean eta arrazoi berdinengatik, 'Gure esku dago' herri ekimenak ekainaren 8rako antolatu duen Iruñea eta Durangoren arteko giza katean parte hartzeko deia, eta oro har, 'Gure esku dago' herri dinamikari erabateko babesa adierazi nahi diogu.

Comentarios